2011/05/18

EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU

Gasteizko euskalgintzak, datozen urteoi begira, udal hizkuntza politikarako proposamena eta interpelazioa egin die alderdi politikoei eta gasteiztarrei. Duela lau urteko hauteskunde kanpainan aurkeztu genituen Gasteiz euskalduntzeko bidean jartzeko urratsak. Edonola ere, ez dira bete, eta, horregatik, berretsi dugu interpelazioa.

Gasteizen, asko eta asko gara euskararen erabilera normalizatu baten alde lanean ari garen talde eta elkarteak. Baina helburu hori lortuko bada, argi daukagu instituzioen inplikazioa, eta kasu honetan Gasteizko Udalaren inplikazioa,
funtsezkoa dela.

Egia da Gasteizen Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia martxan jarri zenetik zenbait pauso eman direla aurrera. Hala ere, pauso horiek ez dira nahikoak, eta, horretaz konturatzeko, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak burutu duen Udalen hizkuntza politikaren neurketari begiratu baino ez dugu. Neurketa horretan, Gasteizko Udalak 4,05 puntu lortu ditu. Lehenengo begiratuan puntuazio ona ematen du horrek, baina ezta gutxiagorik ere! Neurketa horren arabera, 7 puntu beharko lituzke udalerri batek nolabait egoera normalizatua duela esan ahal izateko.

Argi dago Gasteizen euskara berreskuratu eta erabilera erabat normalizatzea nahi badugu asko egin behar dugula oraindik ere. Baina ez dugu ahaztu behar egoera EZ NORMALIZATUAN gauden bitartean urratzen ari dela euskaldunon funtsezko eskubidea, euskaldunok edonon euskaraz egiteko dugun eskubidea, hain zuzen ere.


Guk lanean jarraituko dugu Gasteizen erabateko normalizazioa lortzeko, baina argi utzi nahi dugu instituzioak, eta kasu honetan Gasteizko Udala, izan behar direla eredu.

Bestalde, gaur egun Gasteizko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei gogorarazi nahi diegu 2007ko martxoaren 23ko osoko bilkuran aho batez hartu zuten konpromisoa. Osoko bilkura hartan alderdi politiko guztiek onartu zuten euskararen normalizazioa lortzeko beharrezko neurriak indartzeko konpromisoa.

Garaia da konpromisoetatik ekintzetara pasatzeko. Garaia da pauso sendo eta zehatzak emateko Gasteizen euskara berreskuratu eta euskaraz bizi ahal izateko.

Guk, gure aldetik, aldarrikapen taula bat osatu dugu. Taula horretan daude, gure ustez, Gasteizen euskararen egoera normalizatu lortzeko eman beharreko pausoak.
Hori dela eta, Udalean ordezkaritza duten edo hauteskundeak pasata ordezkaritza izango duten alderdi politiko guztiei dei egiten diegu taulan dauden puntuak eurenak egin ditzaten.

Euskal Herrian Euskaraz, Gasteizko AEK, GEU elkartea,
Udaberria, Gasteizko IKA, Hegoalde, Euskharan,
Arabako Bertsozaleen elkartea, Euskal Herriak bere Eskola

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina